Berri guztiak

Zabaldu da UPV/EHUko Uda Ikastaroetan izena emateko epea

Ezagutzaren Alde ikuspegi berriak esploratzeko aukera eskaintzen dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek. Adimen artifiziala, jasangarritasuna eta parte-hartzea izango dira edizio honetako erronka nagusiak.

Gaur aurkeztu da Uda Ikastaroen 43. edizioa Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan. Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta, Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioari buruzko zertzeladak azaldu dituzte.

Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren amaiera ia 200 jarduera programatu dira. Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da, eta, hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da eskaintza.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak nabarmendu duenez, "Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroentzat gizarte-eragina ezinbestekoa da. Irmoki sinesten dugu hezkuntzak pertsonen bizitzan eta gizartearen garapenean duen garrantzian. Horregatik, prestakuntza formalarekin batera, gure konpromiso soziala zabaltzen dugu hausnarketa, eztabaida eta arreta akademikoa egungo erronka eta arazoetara bideratzen dituen ekimen honen bidez”.

UIK, ezagutzaren behatokia eta herritar ororen elkargunea

UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioa (UIK) ezagutzaren behatoki dinamikoa da eta, jakintzaren transferentzian lanean ari diren mota guztietako erakunde eta norbanakoekin elkarlanean programatu dira ikastaroak. Gizartean eraldaketa sustatu asmoz, garaiko erronka nagusiak identifikatu eta hauen inguruko hausnarketa eta ezagutzaren transmisioa ahalbidetzen dira Uda Ikastaroen bitartez.

Proiektu hau egikaritzeko ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta BBVA Fundazioak eskaintzen duten babesa.

Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen elkargune dira UPV/EHUren Uda Ikastaroak eta, horri esker ezagutza mota guztiak gurutzatzea ahalbidetzen da. Itziar Alkorta UIK-ko Zuzendari Akademikoaren hitzetan, “akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak, guztiak elkartu nahi ditugu ezagutzaren plazan eta xede horrekin hartzaile mota guztien intereseko programa osatu dugu askotariko eragileekin elkarlanean”.

Ziklo estrategikoetan ardaztutako programa

Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia, Osasuna, Zuzenbidea zein Ekonomia eta Enpresari dagozkionak.

Adimen artifiziala eta iraunkortasuna, garaiko erronka nagusiak

Bizi dugun aro hau ezin da ulertu adimen artifiziala eta iraunkortasuna lehen lerrora ekarri gabe. Egunerokoan alor guztietan zehar lerroan eragiten ari diren faktore garrantzitsuak dira biak ala biak, eta, honenbestez, ikastaroetako programak arakatzean antzemango denez, zeresan handia eragingo dute 2024ko UPV/EHUko Uda Ikastaroetan.

Hona hemen 2024ko edizioa osatzen duten ziklo nagusiak eta bakoitzean topa daitezkeen ikastaroei buruzko lehen hurbilketa bat:

Kultura eta Artea

UPV/EHUren Uda Ikastaroetan leku berezia eskaini ohi zaio Kultura eta Arteari, eta aberatsa da edizio honetan zikloak bere baitan dakarren eskaintza. Bi kongresu izango dira: Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialen inguruko nazioarteko kongresua batetik, eta, KulturGest Bilbao ikastaroei jarraipena emanez, artea, kultura eta ondarea ardatz izango dituena, bestetik. Ondareari dagokionez, Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituzten kultur oinarriak elkarrekin aztertzeko parada izango da eta Bizkaiko itsas ondarearen egungo egoera eta haren kontserbazioak eta bideragarritasunak dakartzan erronkak ezagutu ahalko dira. Artista esanguratsuei erreparatuz, Nestor Basterretxea eskulturagile, margolari eta zinemagile zenaren ondare dokumentala ezagutzeko aukera izango da eta, nola ez, Chillida eskulturagilearen jaiotzaren 100. urteurrenaren harira artistari eta bere obrari buruzko mahai-ingurua izango da. Ziklo paralelo gisa, arkitektura eta hirigintza zein hizkuntzalaritza eta literaturari loturiko eskaintza zabala izango da interesatu ororentzat, eta, besteak beste Arantxa Urretabizkaiaren unibertso literariora hurbiltzeko aukera izango da.

Gizartea

Ez dira nolanahikoak gizarteak egun dituen erronkak eta ertz ezberdinetatik aztertuko dira UPV/EHUren Uda Ikastaroetan. Ukrainako eta Gazako gerrak ekarriko dira lehen lerrora. Akademiaren zorroztasunetik abiatuta, baina modu hurbil eta didaktikoan, nazioarteko testuingurua eta azken urteetan tentsio handiena sortzen ari diren bi gatazken alderdi batzuk aztertuko dira. Horrez gain, ikuspegi feministatik gazteen kultura digitalak sozializazioan eta hezkuntza afektibo-sexualean dituen ondorioak aztertuko dira; hiritartasun aktiboaren aldeko esperientziak ezagutu ahalko dira; teknologia berriak gizarte berrikuntza justu eta etikoaren zerbitzura jartzeko aukerak landuko dira; migrazioak, identitatea, arrazakeria eta bizikidetzari buruzko kultura, komunikazio eta garapenaren 15. Nazioarteko Topaketa izango da, eta, beste askoren artean, erakundeen eta, bereziki UPV/EHUren, gizarte-inpaktuari buruzko ikastaroak izango dira.

Hezkuntza

Hezkuntza zikloaren baitan askotariko eskaintza izango da. Haurren parte hartzea sustatzea, sentsibilizatzea eta trebatzea aldaketarako funtsezkoa izanik horri buruz aritzeko parada izango da; Arartekoarekin elkarlanean hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak izango dira hizpide; sexu-heziketari lotuta, haurtzaroan eta nerabezaroan laguntzeko gakoak eskainiko dira; dislexia eta zentzumen-desgaitasuna duten ikasleen beharrei begirako esku-hartze estrategiak eta hezkuntza-joera berriak aztertuko dira; eta, heriotzaren eta doluaren pedagogian sakonduko da, besteak beste.

Zientzia eta teknologia

Zientziak eta teknologiak zeresan handia emango dute aurtengo uda ikastaroetan eta, bereziki, Adimen Artifizialaren erronkak eta aukerak izango dira hizpide. Adimen artifizialaren hainbat aplikazio-eremu ezagutu (hezkuntza, mugikortasuna...) eta eraldaketa iraunkorrerako duen potentziala ezagutzeko aukera izango da. Zientzia eta teknologiaren eremua zabala da, eta bestelako gaiak ere mahairatuko dira: teknologia kuantikoei, edo bioteknologia, biomedikuntza eta biomimesia alorreko ikuspegi berriei buruzko ikastaroak izango dira esaterako.

Zuzenbidea

Gizarte-bizikidetza arautzeko eta legezko garrantzia duten gatazkak konpontzeko aukera eskaintzen du zuzenbideak. Norabide honetan gai ugari aztertuko dira. Genero indarkeriari arreta jarriko zaio, lege-aldaketak eta hauen aplikazio praktikoa ezagutzeko parada eskainiko da; irakaskuntzaren digitalizazioak berarekin dakarren datu babesaren ikuspegia landuko da; haur migratzaileak eta giza eskubideak hizpide izango dira eta, askoren artean, parlamentu irekiari eta gobernantza-eredu berriei buruzko ikastaroa izango da. Ziklo paralelo gisa, kriminologiari buruzko ikastaro eskaintza interesgarria izango da.

Osasuna

Osasunerako etengabeko prestakuntza ezinbesteko zutabea da sektoreko profesionalentzat eta, oro har, gizartearentzat. Askotariko gaiak izango dira solasgai: osasun mentala ikuspegi soziokultural eta feministatik landuko da; klima-aldaketak laneko osasunean duen eragina sakon aztertuko da, laneko arriskuen prebentzioaren esparruan sor daitezkeen arrisku berriak behar bezala ebaluatu eta kudeatu ahal izateko; osasunaren alorreko finantza erabakiak hartzen laguntzeko ebaluazio ekonomikoa hizpide izango da; haur elebidunek beraien garapenean dituzten hizkuntza-nahasmenduak xehetuko dira; eta, beste askoren artean, adineko pertsonen hauskortasunaren eta mendekotasunaren prebentziora bideratutako Adinberriren Berrikuntzako Agenda Estrategikoa eragileekin eta herritarrekin partekatuko da. Ziklo paralelo gisa psikologia alorreko ikastaro andana izango da.

Ekonomia eta enpresa

Ekonomiaren eta enpresaren garapenari lotutako askotariko ikastaroak topatuko dituzte interesatuek. Bisio osoa izan asmoz, berrikuntzaren ikuspegitik euskal ekonomiaren egoera eta nazioarteko talentua erakartzeko eman beharreko pausoak aztertuko dira hainbat ikastarotan; enpresa txiki eta ertainek trantsizio ekologikora egokitzeko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko eman beharreko pausoak aztertzeko zenbait ikastaro izango dira; Ekonomia Urdin Iraunkorrerako Trantsizioari buruzko ikastaro bat izango da; eta, besteak beste, pentsamendu ekonomiko konbentzionalak ezbaian jarriko dira Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Ekonomia Kritikoa deituriko ikastaroetan.

UIK munduan

Ezagutzaren transferentzian nazioarteko ikuspegia estrategikoa da UIKrentzat. Atzerriko aditu eta ikasleen ekarpena esanguratsua da eta ikuspegi hori oinarri duten ikastaro andana da aurtengo eskaintzan: Nazioarteko harremanei buruzko zuzenbideko Ikastaroak izango dira; Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin (OEI) lankidetzan eraldaketa digitala eta hezkuntzaren etorkizuna: erronkak Euskadin eta Iberoamerikan ikastaroa egingo da; nazioarteko ospea duten irakasleen eskutik atzerriko ikasleek euskal gizartea bertatik bertara ezagutzeko Basque Culture International Summer School antolatu da; eta, aurrez aipatu bezala, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialei buruzko nazioarteko kongresua eta migrazioak, identitatea, arrazakeria eta bizikidetzari buruzko kultura, komunikazio eta garapenaren 15. nazioarteko topaketa ospatuko dira, besteak beste.

Uda Ikastaroez gain UIK-k, urte osoan zehar, ikastaro espezializatuak antolatu ohi ditu, eta uda garaian, nazioarteko aditu ugarik parte hartuko duten jarduerak izango dira.

Gainera, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen hirugarren edizioa programatu da hainbat unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean, Europako beste euroeskualde batzuetan egin moduan, ezagutzaren transferentzia eta lurralde kohesioa eragin asmoz.

Parte hartzea sustatuz

Metodologiari erreparatuz ikastaro ia denak aurrez aurrekoak izango dira eta kasu gehienetan online zuzenean parte hartzeko aukera izango da. Formatu klasikoez gain partaidetza sustatzeko metodologia ezberdinak baliatuko dira hogeitik gora Uda Ikastarotan. Ikastaro horietatik lau Gipuzkoako Foru Aldundiari esker gauzatzen den TopaGune proiektuan barne biltzen dira.

Ikastaro partehartzaileez gain ikastaro esperientziazkoak ere izango dira. Saltillo eskola-ontzian adibidez, zenbait egunetako zeharkaldia eginez, itsas ingurunearen osasunerako mugaz gaindiko esplorazioa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Matrikulazio epea zabalik

Matrikulazio epea zabalik da dagoeneko eta ikastaro bakoitza hasi arte izena-emateko aukera izango dute interesatuek.

Epea: apirilaren 23tik ikastaro bakoitza hasi arte.

Izen-ematea: www.uik.eus

UPV/EHUko Uda Ikastaroei buruzko informazioa: www.uik.eus

Prezioaren murrizketei dagokionez, ikastaroetan matrikulatzerakoan zein ostatuari dagokionez, kolektibo mota ezberdinei zuzenduriko hainbat motatako beherapenak daude. Informazio orokorraz gain, gomendagarria da ikastaro bakoitzaren jarduera fitxa zehatza kontsultatzea.

18 eta 25 bitarteko gazteei Uda Ikastaroetan murgiltzeko erraztasunak emate aldera 25² (hogeita bost ber bi) eskaintza prestatu da. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.