Aldaketa Globala eta mega-suteak
Inazio Martínez de Arano: “Ez dago basoen politika bat, ikuspuntu holistiko batetik suteak kudeatzeko estrategiak eskaintzen dituena”
EHUko Donostia Sustainability Forum-ek antolatutako hitzaldi-zikloan, gaurkotasun handiko gai bati heldu dio Inazio Martinez de Arano biologoaren eskutik: basoen suteak eta klima-larrialdiak nola eragiten die. Batez ere, sute oso handien arazoa aztertu du Martinez de Aranok hitzaldian, eta horrek eskatzen duen jokabidea.
Inazio Martínez de Arano ikertzaileak EFI erakundean egiten du lan, European Forest Institute-n. Europako herrialde askoren egoerak ezagutzen ditu,bai eta Europatik kanpoko herrialdeena ere, besteak beste, urteak eman dituelako Txileko Universidad Austral-en basogintzaren arloan ikertzen. Ikertzaile freelance moduan ere egin izan du lana eta basoaren kudeaketaren gaia barrutik ezagutu du. Haren espezialitatea zientziaren eta berrikuntzaren arteko loturan datza, basoari dagokionean.
Hitzaldia suteen eta basoen datuekin hasi da. “Argi dago Europak baso-suteen arazo estrukturala duela” dio. “Adibidez, hegoaldeko lau herrialdetan, Portugal, Espainian, Italia eta Grezian, arazoak iraun du denboran”. Urtero-urtero 400.000 hektarea inguru erretzen dira, eta kantitate hori ez da denborarekin gutxitzen.
Zenbakiak oso altuak dira, baina su guztiak ez dira berdinak izaten. Sute gehienek ez dute irauten. “Suteak amatatzeko ahalmena itzela dugu” dio Martínez de Arano. “Gehienak lehenengo minutuetan amatatzen ditugu”. Baina ihes egiten diguten gutxi horiek dira arazoa. Europan, dio Martinez de Aranok, suteen % 2ak erretzen du azaleraren % 80a.
Sute handiak ugaritu egin dira. Duela 30-40 urte, noizean behin gertatzen ziren. Adibide moduan, Martínez de Aranok Euskal Herriko sute handi bat gogoratu du: 1989an, 30.000 hektarea erre ziren 5 egunetan. Maiz gertatzen ez ziren suak dira. Baina azken hamarkadetan, ia urtero izaten da baten bat. “Horrek ematen digu arriskuaren pertzepzioa. Haietako batzuk oso bortitzak izan dira”.
Nolanahi ere, ikuspuntuaren arabera, ekosistemak berritzeko sistema naturaltzat har daitezke. “Siberian su horiek ez dituzte amatatzen, ez bada etxe batera iristen dela” nabarmendu du Martínez de Aranok. Europako hegoaldean, aldiz, sua itzaltzean oinarritzen dugu suteen kontrako jarduera.
Eta paradoxa badirudi ere, gaur egun basoek eta zuhaitzen landaketek inoiz baino azalera handiagoa hartu dute. Gaur egun, basoak Europako lurraldearen % 43a hartzen du. Eta klima-larrialdiaren ikuspuntutik ikusita, baso horrek emisioen %13a xurgatzen du. “Baso-hedapena Europan oso azkarra eta oso bortitza da” dio Martínez de Aranok. “Eta ez da landaketa. Normalean, baso naturala birsortzen da. Horren arrazoia da landa-eremuaren ekonomiaren porrota. Ondorioz, basoa oso gaztea da, su hartzeko egitura oso egokia dute, eta ez dute balio ekonomiko handirik”.
Hori bada sute erraldoien arazoaren arrazoietako bat, erre daitekeen biomasa-kantitatea oso handia delako. Era berean, lurraldearen proportzio handia basoa izatean, basoaren eta hirigunearen arteko muga ere oso handia da. Sute handi bat zabaltzen denean, pertsona asko bizi diren ingurune batera erraz iristen da.
“Basoa ikusten dugunean, norberak ikusten du berea” dio Martínez de Aranok. “Ekologo batek ekosistemak ikusten ditu, basogintzakoek egurra ikusten dute, abeltzaintzatik larreen belarra ikusten da eta suhiltzaile batek erregaia ikusten du”.
Martínez de Aranok aldaketa globalaren ideia erabili du klima bakarrik aipatu ordez, klimarekin batera aldaketa asko izan direlako. Esate baterako, globalizazioa eta urbanizazioa aldatu dira, bai eta hirugarren sektorea asko ugaritu da. “Ez da arazo ekologiko soila; arazoa gizartekoa eta ekonomiakoa da”, dio. Sute handien arriskua handitu da, eta hori gertatzeko urteko garaia bera ere zabaldu da. Lehorteak luzeagoak eta beroagoak dira. Euriteak, bortitzagoak. Horrek guztiak muturreko baldintzak ekarri ditu, baita suteen esparruan ere. Horren aurrean, nolabait jokatu behar da.
Suak zergatik pizten diren ez da asko ikertu. “Normalean faktore moralak jartzen dugu” dio hizlariak. “Errua zer motakoa den bilatzen dugu: istripua izan den, ezbeharra edo zabarkeria. Baina ez ditugu aztertzen azpian duden arazo soziologikoak. “
“Begi bistakoa da suteen itzaltze hutsa oinarria duten estrategien mugara iristen ari garela” dio Martínez de Aranok. “Batetik, muturreko suen aurkako eraginkortasun mugatuarengatik, eta, bestetik, haien kostu ekonomiko handiarengatik”. Denborarekin, gainera, suteen itzaltze horren babes zibilaren esparrura bideratu da herrialde askotan. “Lobby asko daude gaiarekin lotuta, eta, ondorioz, politikaren fragmentazio handia ere bai. Ez dakigu zenbat gastatzen duen Europak suaren kontra. Kontuak ez daude eginda. Nolanahi ere, suaren kontrako baliabideetan inbertitzen dena, galdu egiten da basoa kudeatzeko aurrekontutik. Estatu Batuetan, adibidez, basogintzarako aurrekontuaren % 40 suaren kontrako inbertsioa da. Europan ere aurrekontuak handitzeko eskatzen dute askok. Baina non dago muga?” galdetzen du Martínez de Aranok.
Haren ustez, suteak kudeatzeko estrategia berrien beharra dago. Estrategia holistikoak, hau da, oinarrian testuinguru osoa dutenak. Ez da basoaren kudeaketa hutsa, baizik eta zerbait orokorragoa. Munduan toki asko bildu da informazioa mega-suteei buruz. Portugal, Grezia, Estatu Batuetako mendebaldea edo Australia kasu. Baina leku bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, eta, beraz, hainbat ikuspuntutatik ikerketa gehiago egin behar da. Inazio Martínez de Arano ziur dago estrategia holistiko baten beharra dugula, baita Euskal Herrian ere.