Berri guztiak

“Bost urtetik beherakoek klima-aldaketari egotz dakiokeen gaixotasun-kargaren % 88 jasango dute”

Quique Bassat pediatrak, epidemiologian espezialista eta Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuko zuzendari nagusiak, hala adierazi zuen “Larrialdi klimatikoa eta osasun pediatriko globala” hitzaldiaren aurkezpenean, Donostia Sustainability Forumaren esparruan.

Krisi klimatikoaren aurrean, haurrak dira zaurgarrienak; izan ere, Bassatek azaldu zuenez, urteak daramatzate horren ondorioen eraginpean, zaintzaile helduen mende daude eta “ez dute ahots propiorik, eta, beraz, maila politikoan ahaztuak izateko arriskua dute”. Herrialde pobreetan eta biztanleriarik babesgabeenean nagusitzen den krisiaren adibidea dira.


ISGlobalek ahalegin handia egiten du krisi klimatikoak giza osasunean duen inpaktua ikertzeko, batez ere herrialde pobreenetan, ingurumen-arrisku handienen eraginpean baitaude eta gaixotasun infekziosoen epidemien aurrean erantzuteko gaitasun gutxi edo ia batere ez baitute. Osasunaren arloan ekitatea sustatzea da ekimen publiko-pribatu horren eginkizunetako bat, ikerketaren eta translazio sozialaren bidez. La Caixa Fundazioaren babesa du.

Herrialde pobreenek sufrituko dute gehien

Quique Bassatek argitu zuenez, larrialdi klimatikoa dela-eta, hondamendi naturalak ohikoagoak eta bortitzagoak dira, eta horrek, aldi berean, migrazio masiboak eta gaixotasun infekziosoen epidemiak eragiten ditu baliabide gutxiko herrialdeetan. “Herrialde pobreenek sufrituko dute gehien, eta hori paradoxa izugarria da; izan ere, eragin txikiena izan dute egoera horretan, eta zaurgarrienak dira ondorioak jasateko”, azpimarratu zuen Quique Bassatek. Horrez gain, gogorarazi zuen munduko biztanleen heren bat pobrezia-egoeran bizi dela dagoeneko. Urte gutxi barru 100 milioi pertsona gehiago izango ditu kopuru horrek, krisi klimatikoaren ondorioz. “Egun bezala jarraitzen badugu, hiru hamarkadatan 3.000 milioi pertsona baino gehiago egongo dira egoera horretan”. Testuinguru horretan, munduko haur gehienak errenta ertaina edo txikia duten herrialdeetan bizi dira, eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean zaurgarrienak dira.

Afrikako adingabeak

Quique Bassatek zehaztu zuenez, Afrikan biztanleria azkarrago ari da hazten, eta belaunaldi bakar batean munduko hiru haurretatik bat kontinente horretan biziko da. Afrikako adingabeak bereziki kaltetuak izango dira “haurrak direlako eta pobreak direlako, eta horrek gaixotasunaren aurrean zaurgarriagoak bihurtuko ditu”, azaldu zuen ISGlobaleko zuzendariak. Haren ustez, mehatxu nabarmenak daude jada: lehorteak eta uholdeak elikagaien segurtasunik eza duten eremuetan eta, ondorioz, malnutrizioarekin eta edateko ura eta saneamendua ez izatearekin lotutako gaixotasunak ugaritzea 

Hondamendi naturalak eta populazioaren lekualdaketak

Bassatek gaineratu zuenez, biztanleriak, hondamendi naturaletatik ihes egin, eta errefuxiatu-esparruetan ezartzen direnean, gaixotasun infekziosoen agerraldiak egoten dira, kolerarenak, besteak beste. “Zoritxarrez, txertoen programak eta eskolatzea eten egingo dira, biztanleriaren joan-etorrien ondorioz, hondamendi naturalek kaltetutako lekuetan ikusi dugun bezala”. ISGlobaleko zuzendariak, halaber, haurdun dauden emakumeen osasunari buruz hitz egin zuen. Tenperaturak igotzea kaltegarria da haientzat: “erditze goiztiarra eta jaiotza inguruko heriotza izateko arriskua handitzen du”. Orobat, nabarmendu zuenez, klima-aldaketaren eraginez arnas gaixotasunak izateko arriskua areagotu egiten da herritar guztientzat. 

Inportatu gabeko gaixotasunak

Quique Bassatek, gainera, zenbait bektorek (eltxoek, adibidez) transmititutako gaixotasunak ugarituko direla azpimarratu zuen, tenperatura eta hezetasun baldintza egokiak direla-eta. Haren arabera, gaixotasun horiek endemikoak diren herrialdeetatik haratago joango dira, klima-aldaketaren ondorioz. “Cambrilsen bost denge kasu autoktono izan ditugu. Ez dira inportatu. Bektorea gure inguruan dago eta gaixotasuna gure inguruan transmititzen da. Era berean, malaria kasuak izan dira Floridan. Ikusten dugunez, deuseztatzea lortu genuen gaixotasunak itzultzen ari dira”.  

Ezberdintasunak areagotzea

“Esandakoa gorabehera, mundua orain hamarkada batzuk baino hobeto dago osasun publikoaren arloan. Desberdinkeriak ari dira areagotzen”, gaineratu zuen ISGlobal erakundeko zuzendariak. “Klima-aldaketa da gure espeziearen biziraupenerako mehatxurik handiena. Osasunerako mehatxu abstraktua da, gutxi definitua. Baina argi izan behar dugu benetako mehatxua dela, eta dagoeneko gertatzen ari dela. Ezin diegu osasun-arazoei aurre egin gizarte-determinatzaileak, gaixotasunen arrisku-faktoreak eta ingurumen- eta klima-faktoreak kontuan hartu gabe”.