Jaime del Barriok osasungintzako arretan osasun digitalaz eta eraginkortasunaz duen iritzia partekatu du.
Asociación Salud Digitaleko zuzendaria den Jaime del Barriok osasungitza arloan irtenbide digitalak topatzeko lidergoa sustatzeko premiaz hausnartu du.
Pasa den irailaren 19an, Asociación Salud Digitaleko zuzendaria Donostiako Miramar Jauregian egin zen osasun digitalari buruzko hamaikagarren kongresuan izan zen. Bertan, osasungintzako arretan izandako aurrerapenei eta sistemaren eraginkortasuna hobetzeko irtenbide digitalen garrantziari heldu zien.
Osasun digitalari begira, zein puntutan gaudela esango zenuke? Aurrerapenak daude? Orokorrean, zer eskaintzen digu osasun digitalak?
Osasun digitalaz ari garenean, gure bizitzako beste arloetan (bidaietan, turismoan, kontsumoan...) erabiltzen ditugun irtenbideak osasungintzan ere erabiltzeaz ari gara, arreta denon gustokoa izan dadin.
Horrek itxaron zerrendak murriztea, diagnostikoak egitean eta tratamentuak ezartzean eraginkorragoak izatea, profesionalei denbora aurreztea... lekarke. Gaixo bezala osasungitzako profesionalek begietara begira gaitzaten, uki gaitzaten eta gugan interesa daitezen nahi dugu.
Irtenbide digitalei esker lor ditzakegu nahi horiek. Eta aurrerapausu handiak eman direla esan dezakegu. Orain dela 11 urte hasi ginenean aurretik hamaika erronka genituen eta orain, adimen artifizial sortzaileari, automatizazioari eta robotizazioari esker, osasungintzako arreta izugarri hobetu da. Une oro profesional falta dagoela aldarrikatzen duten mezuak jasotzen ari gara eta gure galderetako bat hauxe da: batez beste 20 urte gehiago bizi garen garaian, nola artatuko ditugu behar diren adina profesional ez ditugunean? Bada, digitaltasunari esker lortuko dugu. Honek ez du sekula medikua ordezkatuko, medikua bera baita diagnostikoez eta tratamentuez arduratzen dena, baina medikuari bere lan karga arintzen lagunduko dio eta horrela, eraginkorragoa bilakatuko da sistema.
Zer martxa daramate aurrerapen teknologiko hauek osasun-arloan? Nahiko araututa daudela esango zenuke?
Aurrerapen hauen abiadura nahikoa ez dela esango nuke, baina ez teknologia faltagatik, baizik eta erabaki politikoen eta buruzagitza falta dagoelako sektorean. Oso ohikoa da arazoren bat izatean dei bat egitea eta telefonoaren beste aldean dagoenak irtenbide bat proposatzea, zergatik ez da hori osasun mundura igaro?
Egia da mundu horretako informazioa delikatuagoa eta pribatuagoa dela, baina hitzordu bat eskatzerako unean, irtenbide bat bilatzeko unean, baliabideei heltzeko unean... berdina behar luke izan. Nire ustetan, egungo erronka ez dago irtenbide teknologikoetan, aurretik aipatu dudan falta den buruzagitza hori nork hartzean dago eta bi bide daude horretarako: goitik beherakoa, osasungintzako arduradunei dagokiena, eurek baitute botere gehien mundu horretan; eta behetik gorakoa, osasungintza arloko profesionalei dagokiena, pazienteak aspaldidanik ari baitira irtenbideak eskatzen eta profesional hauek direlako gaixoengandik gertu