Berri guztiak

Uda Ikastaroen 44. ediziorako proposamenak jasotzeko epea zabalik

Proposamenak azaroaren 1etik 30era aurkeztu ahalko dira UIKren online plataformaren bitartez

43. edizio arrakastatsua amaitu berritan ekin dio UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) edizio berriaren prestakuntzari. 

2025eko edizioa ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean ospatuko da eta, orain arte egin moduan, gizarteko askotariko esparruetako kideei proposamenak aurkezteko gonbidapena luzatu nahi die UIKk. 

Euskal Herriko Unibertsitatea herritarrengana hurbilaraztea eta bizitza osoan zehar ezagutza eguneratzeko, eta gizartean garrantzitsuak diren gaiei buruz sentsibilizatu eta eztabaidatzeko prestakuntza ematea da UIKren xedea. Egindako bide sendoari esker, topaketarako eta parte-hartzeko erreferentziazko gune bilakatu dira Uda Ikastaroak. 

Ezagutzaren transferentziarako topagune gisa herritar orori zuzenduriko kalitatezko eskaintza osatzea du helburu eta programazioa osatzerakoan askotariko eragileekin elkarlana estrategikoa da UIKrentzat. Amaitu berri den edizioan, adibidez, askotariko 280 erakunderekin osatu duen sareari esker egikaritu da hain arrakastatsua izan den programa. 

Jasotako proposamenak Uda Ikastaroetako Programa Batzordeak aztertzen ditu eta ebaluatzerako garaian proposatutako gaien interesa eta gaurkotasuna, hala nola, hizlarien eta edukiaren kalitatea zein koherentzia ezinbestekoak dira. Kalitatezko ezagutzari lotuta, ikerketak gizartean duen eraginari erreparatu nahi zaio Uda Ikastaroetan, bereziki Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) egindakoari. 

Berrikuntzarekiko duen konpromisoari jarraiki, antolatutako jardueren formatuetan eta hauen garapenean metodologia berriak sustatzeko konpromisoa du UIKk. Aurrez aurrekoak edo/eta online zuzenean antolatu ahalko dira ikastaroak eta ohiko formatuez gain parte-hartze dinamiken erabilera indartzen jarraitu nahi da ikastaro aplikatuen eta tailerren bitartez. UIKk laguntza-gida bat du Uda Ikastaroetan metodologia parte-hartzaileak txertatzeko. Aipaturiko laguntza-gida araudian bertan eskuragarri du interesatu orok. 

Uda Ikastaroetara gazte gehiago erakartzea etengabeko erronka da UIKrentzat. Zentzu honetan gai berritzaileak eta gazteak erakartzeko formatuak eta laguntza ekonomikoak lantzeko konpromisoarekin irmo jarraituko da.  

Hizkuntzei dagokionez, askotariko hizkuntzen erabilera bultzatuko da ezagutzaren transmisiorako beharrezkoa den kasuetan itzulpen zerbitzua baliatuz eta, euskararen presentzia sustatzeko laguntzak izango dira. 

Uda Ikastaroen antolakuntzarako gainerako informazio guztia araudian bertan da eskuragarri. 

Proposamenak aurkezteko epea eta modua: 

2025eko edizioaren antolakuntzarako araudia

Harremanetarako 

  • prof@uik.eus 
  • +34 943 219751