We Love Transdisciplinarity- Maite dugu
Transdiziplinatasunaz hitz egiten badugu, teknologia esparrutik eta esparru akademikotik kanpo dauden ezagutzak sartzen ari gara, ikus enpresak edo gizarteko beste sektore batzuk; beraz, beste ezagutza forma eta dimentsio batzuk eransten ditugu. Ezagutza ez datza unibertsitatean bakarrik.
2016ean Euskampus Fundazioak UPV/EHUko ikertzaile talde bat bildu zuen lankidetza transdiziplinarioaren aukerez hausnar zezaten, mundu-mailako erronkei etxeko erantzunak emateko helburuarekin. Tailer ezberdinak gauzatu ziren “We love transdisciplinarity maite dugu” izenpean, unibertsitatean bertan ikuspegi hau barneratzeko zein aldaketa eta eraldaketa aplikatu beharko liratekeen ikusteko. Ikertzaileen beren jarrerak nola aldatu beharko liratekeen ere eztabaidatu zen, lankidetzarako edo elkarrizketarako era benetako proiektu transdiziplinarioak garatzeko.
Igor Campillok, Euskampus Fundazioko zuzendariak esaten zigun ikuspegi guztiz pertsonaletik aldaketak antzeman zirela, pentsamolde irekiago bat edukitzeko ahaleginak egin zirela pertsona batek hasiera batean konfort-zona gisa dauzkan muga diziplinarioetatik irteteko. Dimentsio honek hizkera aldaketa bat egitera bultzatzen gaitu, eta baita esfortzu bat egitera proiektu berean beste diziplina batetik ikusten dena ulertzeko. Ingeniaria baldin bazara, mediku batekin lan egiteak esfortzu gehigarri bat suposatzen du. Denoi gustatzen zaigu gustura sentitzea gure lanean eta proiektu transdiziplinarioek gure konfort-zonatik ateratzen gaituzte.
“Pentsamolde muga hauek muga instituzionalen emaitza dira. Guztiek hitz egiten dugu gure Departamentutik, gure zentrotik. Departamentuak diziplinen arabera osatzen dira, eta ez jorratu beharreko erronken arabera. Medikuntza fakultatea dugu, zientzia fakultatea, ingeniaritza eskolak, baina beste unibertsitate batzuk hasi dira, adibidez, iraunkortasun fakultateak gehitzen, eta hauek diziplinarteko ikuspegi irekiago batekin beste entitate batzuekin lotura hobea ahalbidetzen dute”.
Igor Campillok onartzen zuen hemengo arazoa: “oso zaila da guretzat, adibide bat jartzeagatik, UPV/EHUn arrazionalizazio administratibo baten araberako zentroen birrantolaketa egin da eta hau ez da bat etortzen diziplinarteko ikuspegi batekin. Ez da gailendu ikertzaileak nahastea gizarte erronka handiei aurre egiteko, arrazionalizazio administratibo bati baino ez zaio garrantzia eman. Ez da UPV/EHUren arazoa, arazo orokortua da unibertsitate munduan, efizientziari garrantzia ematea efikaziaren gainetik. Baina ezin diegu begiratzeari utzi ikertzaileen arteko mestizaje handiago bat ahalbidetuz ezberdin antolatzeko esfortzu bat egiten ari diren lekuei”.
Tailerrak bizitako ikertzaileek egoera transdiziplinarioetan bizitako esperientzia praktikoen inguruan artikulatutako lan saioak izan ziren. Aurkitu zituzten zailtasunak, lortutako emaitzak eta eraginak identifikatu eta partekatu ziren eta unibertsitateko egituran beharrezkoak ziren aldaketak proposatu ziren.
Irailaren 6ean hastekoa den uda ikastaroan, zenbait tailer praktiko izango dira. Taldean lan egingo da esperientzia espezifikoen bitartez erronkak eta zailtasunak identifikatzeko eta maila ezberdinetan ondorioak ateratzeko: pertsonala, pertsonartekoa, metodologikoa eta antolakuntzakoa. Unibertsitate berriari forma emateaz ari gara. Ikuspegi pertsonal batetik habiatuz, zertan aldatu behar naizen ikusi behar dut proiektu eta ingurugiro transdiziplinarioetan lan egiteko gai izateko. Bigarren tailer bat lankidetza transidizplinarioa eragiteko eta garatzeko sorkuntza bateratuko tekniken metodologietan zentratuko da. Hirugarren tailer bat lankidetza ikuspegi hori errazteko unibertsitateko espazioak nolakoak izan behar diren hausnartzeko izango da. Azkenik, gure unibertsitateek behar dituzten aldaketa instituzionalak begiztatzeko tailer bat izango da.
UPV/EHUri “musika hau gustatzen zaio”. Euskampusek zuzenean lan egiten du errektore taldearekin “Jakintza guneak” ekimena zuzenduz. Bertan unibertsitateko departamentuetako diziplina ezberdinek bat egiten dute Berrikuntzaren Euskal Sistemako beste entitate batzuekin, “gizarte eta mundu-mailako erronka handietara zuzendutako jarduera transdiziplinarioetarako espazioak” sortuz. Urrats irmoak egiten ari dira norabide honetarantz. “Gu orain esperimentatzen ari gara. Gure esperientziarekin unibertsitate barruko eta honen eta bere ingurunearen arteko eredu berri baterantz aurrera egitea bilatzen ari gara”.
Ikasle profila ikertzaile europar junior batena da, unibertsitate tradizionalak eskaintzen duenaz bestelako ikerketa-karrera ezberdin baten bila dabilen doktore-tesia egiten ari den edo bukatu duen ikasle batena.
Ikertzaileen arteko lankidetzari buruz hitz egitean, 4 kooperazio maila ezberdindu ditzakegu:
Monodiziplinarioa: diziplina baten barruko kooperazioa, adibidez, partikula fisikari teorikoen eta esperimentalen artean.
Diziplina anitzekoa: diziplina bakoitzak bere ezagutzak ematen ditu balio linealeko kate bat eraikitzeko, adibidez neurozientzialarien eta neurologo klinikoen artean translazio ikuspegi batean, laborategitik pazientera.
Diziplinartekoa: ikuspegi eta hizkera komunen sintesia barne hartzen du, baina diziplina bakoitzak bere metodologiak mantentzen ditu, adibidez, informatikarien, ingeniarien, fisikarien eta matematikarien artean CERN bezalako Partikula Laborategi batean.
Transdiziplinarioa: Jorratu behar den erronka definituz hasten dira lankidetzak, ongarriketa gurutzatu bat jazotzen da diziplinen eta akademiatik kanpo dauden instituzio eta kolektibo sozialen artean. Hau da gizarte edo mundu-mailako erronka handiei aurre egiteko beharrezkoa den lankidetza, adibidez, klima-aldaketa edo biztanleriaren zahartzea.