Uda ikastaroa
Memoria eta gatazka euskarazko hezkuntzan: literatura eta beste arteak (balia)bide

Memoria eta gatazka euskarazko hezkuntzan: literatura eta beste arteak (balia)bide

Eka. 22 - 23. Eka, 2021 Kod. H04-21

Azalpena

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak irakasleen etengabeko prestakuntza gisa ere baliozkotzea eskatu da.

Uda Ikastaro honen helburu nagusia da literaturak eta bestelako arteek (euskal) gatazken memoriarekiko duten lotura eta balio kritikoa lantzea, hezkuntzaren ikuspegitik. Euskarazko hezkuntzan gatazken memoriak lantzeko baliagarriak izan litezkeen proposamen didaktikoak sortzeko irizpideak finkatzen ahaleginduko gara, eta planteamendu metodologiko berritzaileen inguruko hausnarketa egiten. Horretarako, unibertsitatean, ikastetxeetan eta memoriari lotutako elkarte eta erakundeetan lanean diharduten adituak bilduko ditugu, eremu horien arteko eztabaida eta elkarrekintza sustatzeko asmoz. Batetik, artea eta memoria uztartu dituzten esperientzia didaktikoei erreparatuko diegu; Nafarroako Memoria Institutuak sustatu dituen egitasmoei edota hainbat ikastetxetako irakasleek sortu eta elikatutako Oroimenaren harra proiektuari, besteak beste. Bestetik, gaien lanketa egiteko bereziki erabilgarriak izan daitezkeen tresna didaktikoak aztertuko ditugu; memoriaren eta gatazken lanketarako antzerki teknikak, IKT baliabideak, edota literatur testuak, besteak beste. Era berean, MHLI ikerketa taldearen baitan memoria-gatazka-artea ardatzaren bueltan orain arte egindako ibilbidea partekatuko dugu; gure jardunarekin lotutako gai ezberdinei buruz hausnartzeko nahiz ideiak trukatzeko plaza eskaini nahiko genuke, baita etorkizuneko proiektuetarako elkarkidetzarako eskua luzatu ere, gaiaren inguruko interesa duen irakasleriari begira, bereziki.

XX. mendeko memoria historikoa artearen bidez lantzeko, adierazpen artistikoa testigantza gisa nahiz hausnarketa tresna/espazio moduan proposatu nahi dugu. Honek eskatzen du kontaketa historiografiko klasikoaren antolaketa eta moldeak alde batera utzi eta memoriaren nahiz artearen funtzionamenduari heltzea. Era berean, euskarazko hezkuntzan enpatia historikoa bultzatuta askotariko iragan gatazkatsuen eta horien adierazpen artistikoen arteko analogiak eraikitzea, hausnarketa kritikoa laguntzea eta joera sortzailea sustatzeko baliabideak eskaintzea dira ikastaro honen helburuak. Funtsean, memorian, arteetan eta hezkuntzan interesa duen orori lanabesak ematea da xedea, eta eremu horietako agenteen arteko elkarrizketa nahiz sarea indartzea, etorkizuneko egitasmoen oinarri. 

Irakurri gehiago

Helburuak

Euskarazko hezkuntzan gatazken memoriak lantzeko literaturak eta bestelako arteek izan dezaketen balio kritikoaz hausnartzea.

Memoriak eta arteak uztartu dituzten esperientzia didaktikoen berri ematea, eta horien arteko eztabaida eta elkarrekintza sustatzea.

Euskal gatazken memoriak arteen bidez lantzeko baliagarriak izan litezkeen proposamen didaktikoak sortzeko irizpideak finkatzea eta planteamendu metodologiko berritzaileen inguruko hausnarketa egitea.

Arteen bidez gatazkak eta memoriak lantzeko baliagarriak izan daitezkeen tresna didaktikoak aztertzea, ikuspegi kritiko batetik eta metodologia berritzaileak sustatzeko asmoz.

Unibertsitatean, ikastetxeetan eta memoriari lotutako elkarte eta erakundeetan lanean diharduten agenteen arteko sarea indartzea, etorkizuneko egitasmoen oinarri.

Irakurri gehiago

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikasleak
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak
  • Publiko orokorra

Metodologia

Ikastaro honen muina adituen eta arituen hitzaldiak izango diren arren, metodologia dialogikoari garrantzi handia emango zaio, hau da, hizlarien eta entzuleen arteko elkarrizketari. Izan ere, ikastaro hau proiektu zabalago baten baitan kokatzen da, unibertsitatearen eta hezkuntza komunitatearen arteko harremana sustatzea xede duena, gatazken memorien inguruko lanketei dagokienez. Euskarazko hezkuntza testuinguruetan gatazken memoria lantzeko material didaktiko bat sortzea xede duen proiektu horren baitan, parte-hartzeari lehentasuna eman zaio, hezkuntza komunitateko kideen aldetik, bereziki, baina baita jendarteko beste sektore batzuenetik ere. Hartu-eman hori bultzatzeko, hitzaldien ostean eztabaidarako tarte dinamizatuak izango dira eta, horretaz gainera, ikastaroaren amaieran entzuleen hausnarketak eta iradokizunak biltzeko dinamikak sustatuko dira, on-line formatuak ahalbidetzen duenaren baitan, betiere.

Irakurri gehiago

Kolaboratzaileak

  • IT1047-16 Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldea
  • Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Saila (IT1047-16)
  •  Ministerio de Asuntos Económicos y Transformación Digital (MINECO FFI2017-84342-P)

Programa

2021-06-22

09:00 - 09:15

Erregistroa

09:15 - 09:25

Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena

  • Amaia Elizalde Estenaga | EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saila - MHLI ikertaldeko kidea. Ikerlari eta irakaslea
09:25 - 10:10

“Escuelas con memoria: el programa educativo del Instituto Navarro de la Memoria“

  • José Miguel Gaston Aguas | Memoriaren Nafarroako Institutua - Zuzendaria
10:10 - 10:55

“'78ko Sanferminak' Denok ikusi, gutxik ikasi. Trantsizioaren txertatze malkartsua irakaskuntzan“

  • Josu Chueca Inchusta | EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Historia Garaikidea saila - Ikerlari eta irakasle jubilatua
10:55 - 11:40

“"Oroimenaren harra" web-orria, oroimen historikoa eskolara“

  • Aiako Harria Gaztelumendi | Bigarren Hezkuntzako irakaslea - "Oroimenaren harra" web-orria ekimeneko kidea
11:40 - 12:25

“Memoria eta literatura ikasgelan: MHLI ikertaldearen egitasmoaz“

  • Ane Villagran Arrastoa | MHLI ikertaldea, EHU - Ikerlaria
12:25 - 12:35

Sintesia

2021-06-23

09:15 - 10:00

“Trantsiziozko memoria hezkuntzan: artea gatazken bitartekari“

  • Alex Carrascosa Vacas | Gernika Gogoratuz eta Gernikako Bakearen Museoko kolaboratzailea eta EDE Fundazioko aholkulari eta erraztailea - Artista eta bakegilea
10:00 - 10:45

“Gure amonen ahotsak: antzerki tekniken erabilpena belaunaldiarteko transmisioa sustatzeko“

  • Esther Uria Iriarte | EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Hezkuntza Ikerketarako Metodoak eta Diagnosia Saila - Irakasle eta ikerlaria
10:45 - 11:30

“Memoria eta gatazka lantzeko tresna didaktikoak, teknopedagogia ikuspegitik“

  • Amaia Arroyo Sagasta | Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatea - Irakaslea eta ikerlaria
11:30 - 11:40

Sintesia

Zuzendariak

Amaia Elizalde Estenaga

MHLI. UPV/EHU

(Donostia, 1988). Hispaniar Filologian (2011) eta Euskal Filologian (2012) lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) eta mugikortasun programen bitartez egonaldiak egin ditu Mexikoko UNAMen eta Pau-eko UPPAn. Bordeaux-Montaigne (UBM) unibertsitatean Master Recherche Études Basques gauzatu zuen (2013) eta egun doktoregaia da literaturaren alorrean. Ikerketa-proiektua kotutoretzan gauzatzen ari da EHU/UPV eta UMBrekin. Euskal literaturaren 50-60ko hamarkadetako berpizte eta berritze kulturalaren testuinguruan, Jon Mirande XX. mendeko euskal idazle madarikatu paristarra eta bere Haur besoetakoa (1970) eleberriaren analisia nahiz harrera ditu aztergai. Horretarako, 2014an EHUren “Tesiak Euskaraz egiteko Doktorego aurreko Ikertzaileak prestatzeko kontratazioa” jaso zuen.

Hizlariak

Amaia Arroyo Sagasta

HUHEZI - Mondragon Unibertsitatea, Irakaslea eta ikerlaria

Hezkuntza Bereziko Magisteritzan diplomatua (2004), IKTak formazioan aplikatuta masterduna (2006), Komunikazio eta Hezkuntza Sarean masterduna (2012), eta Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea (2017): Konpetentzia Digitala, Norbere Ikas-Alorra (NIA) eta Erakundearen Ikas-Alorra (EIA) dira bere ikerlerroak. Hainbat zereginetan ibili izan da: irakasle, aholkulari, editore, ikasmaterial-egile... baina teknologia digitalaren ikuspegi pedagogikoa da bere interesgunea, eta zeregin guztietan ardatz horri eusten saiatzen da. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea eta ikerlaria da, KoLaborategiko kidea. Gainera, UEUk eta EHUk eskaintzen duten HEZikt graduondokoan irakaslea, koordinatzailea eta Batzorde Akademikoko kidea da.

Alex Carrascosa Vacas

Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Aztertegia

• ILR 5. Maila: Gaitasun natibo/elebidun osoa. Egiaztagai: C1 (HEO, 1999); EGA (1999); Euskara Teknikoa (EHU 1999).

Josu Chueca Inchusta

UPV/EHU

José Miguel Gaston Aguas

Instituto Navarro de la Memoria

Aiako Harria Gaztelumendi

Hizkuntzekin loturiko ikasketa ezberdinak: Ingeles filologia (2004), itzulpengintza eta interpretazioa (2007) eta atzerritar hizkuntzako irakaslea (2010). Hainbat urtetan IKA euskaltegiko irakasle izan ostean, hezkuntza arautura igaro eta lehen urteak Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan egin zituen euskara eta literaturako irakasle. Bertan sortu zuen beste hiru lankiderekin batera (Koldo Alijostes, Josean Bueno eta Miren Rodrigo) Oroimenaren harra web-orria, hain zuzen ere, memoria historikoa eskolara eramateko baliabideak biltzen dituen web-orria. Ildo beretik, azken urteetan oroimen historikoa gelan lantzeko material ezberdinak sortu ditu: Oroimenaren harra unitate didaktikoa, haur erbesteratuen inguruko site bat... Gaur egun Irungo Txingudi BHIn dabil lanean.

Esther Uria Iriarte

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea. Hezkuntzan doktorea (UPV/EHU). Doktoregoko Aparteko Saria. Psikopedagogiako lizentziaturako Karrera Amaierako Saria. Hezkuntza Bereziko Irakasleen diplomaturako Aparteko Saria. Ibilbide profesionala aktore gisa antzerkian, telebistan eta zineman. Ikerketa-ildoak: hezkuntzari aplikatutako antzerkia, arteetan oinarritutako ikerketa, bizikidetza eta generoa. Nazioarteko hainbat aldizkari eragingarritan argitaratu du, hala nola, Qualitative Inquiry, Cultura y Educación, Research in Drama Education edo Youth Theatre. Gaur egun, Unibertsitateko Eszena Arteak (unea) elkarteko presidentea da. Halaber, "Sormen prozesuaren parte izan" hezkuntza-proiektua koordinatzen du, Euskal Aktoreen Batasunak sustatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren (2017tik 2020ra) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (2019 eta 2021) diruz lagunduta, eta bigarren hezkuntzako zentroetan garatzen dena.

Ane Villagran Arrastoa

Euskal Herriko Unibertsitatea

Ane Villagran Arrastoa (Donostia, 1995). Euskal Ikasketetan graduatu zen (2017) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterra (2018) egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Masterra Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean. Gaur egun, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia doktorego programako doktoregaia da. Ikerketa-proiektua kotutoretzan gauzatzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bordeaux Montaigne (UBM) unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzak ematen duen “Ikertzaileak prestatzeko Doktoretza-aurreko Programako laguntza” jasotzen du horretarako. Tesiaren helburua emakumeek idatzitako euskal poesia garaikidea aztertzea da. Halaber, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa-taldeko kidea da.

Laburpena

Uda Ikastaroaren zuzendaritzak bidalitako ondorioak